jueves, 10 de julio de 2014

Euskararen bihotzean murgiltzen...

Lehen gaua baserrian. Nire esnagailua, behien marruak. Apur bat urduri egin nuen lo. (Nire bizitza berria hastear zegoen) Eta nola hasi zen? Ba, Azpeitira joan ginen, asteartero azokara. Bazkaria erosi, arropari begirada bat, anbulategira joan, solas apur bat... eta, konturatzerako, erabat murgilduta nengoen giro euskaldunean. Maitegarriak dira, benetan, azpeitiarrak. Hori iruditu zait niri, behintzat.
Arrandegi ilaran hasi nintzen mintzatzen emakume batzuekin. Haiek galdetzen zidaten "zu Getxon bizi, baina ez zea Getxokoa." Ba ezezt, Sevillakoa, erantzun nik. Kontrolatuta naukate!!!! Egia esan, jende pilo batek ezagutzen nau. Beno, denek Gloria izan ezik, inoiz ez bainau ikusi telebistan eta horregatik horrelako gauzak entzuteak ni baino askoz gehiago harritzen du.

Oraindik ez dizuet ezer kontatu Gloriari buruz. Gloria Goizuetakoa da. Ezkondu zenean etorri zer Errezilera baina orain alarguna da. Senarra aspaldi hil zitzaion eta harrezkero bakarrik bizi da. Beno, beheko solairuan Enrike bizi eta gurekin ematen ditu otorduak. Oso emakume hiztuna da eta hori ezin hobeto datorkit, behar dudana delako. Kriston pazientzia dauka nirekin. Gehienetan ulertzen dit, beste batzuetan, aldiz, galdu egiten zait eta gelditu egin behar izaten dut.
Enrikeri buruz, zer esan diezazueket? Xarmanta dela, izugarrizko ahalegina egiten duela nik uler diezaiodan eta pena ematen dit gehiago ulertu ahal ez izateak. Agian,  maiz, pentsatzen du ez diodala jaramon egiten eta horregatik, noizean behin, pasatzen da erdarara (nik ulertzeko eta jaramon egiteko) baina, are okerragoa da. "Antes en latín misa. Ahora en vasco  la dan" esan dit gaur. Imagina dezakezue zein azentuarekin, ezta?

Baserri lanari dagokionez, kezkatuta ibili da Gloria gaur, ardiek ospa egin baitute. Antza denez, aurkitu dute zulo bat hasian eta hortik atera dira beste leku bateraren bila. Eta gero, Gloria gaixoak, bideratu behar izan ditu egon behar duten tokira. Benetan, min emango lioke baratza osoa puskatzeak. Baina oraingoz, hori ez da gertatu...

Horrez gain, Gloriak etxeko mermelada egiten du. Herrian dauka bere lantokia beste emakume batzuekin. Arratsaldean ezagutu ditut eta egon gara mermelada prestatzen. Beno, egia esan, ni boteak garbitzen aritu naiz. Hala ere, zerbait ikasi dut prozesuari buruz eta ikusi dut. Esatebaterako, nola jartzen dituzten ontzi guztiak "al baño maría" lapiko handi batean. Hori bai, dastatu dut mermelada eta goxo baino goxoago dago. Hilak pizteko modukoa, esango nuke nik!
Aukera izan dut, baita ere, herriko denda ezagutzeko. Eta diot "denda" denda bakarra dagoelako, denetarekin: frutak, gozokiak, txanpu, garbitzeko produktuak...María Luisa da dendaria eta, azkar hitz egin arren, zer edo zer harrapatu diot eta oso etxekotzat hartzen nau. Apurka-apurka murgiltzen ari naiz euskararen bihotzean.







No hay comentarios:

Publicar un comentario