Txikitatik banekien existitzen zinela. Baina, hain urrun
geunden elkarrengandik non ez nizun zuri erreparatzen. Denboraren poderioz, urte
askoren buruan, nahi gabe, zuregana hurbildu nintzen, eta hasi zinen kasu egiten,
ni konturatu barik. Ahopean deitzen zenidan eta nik jaramonik ez nizun egiten.
Eta horrela jarraitu zenuen ia zazpi urtez, presarik gabe, haserretu gabe, tematu
gabe, egonarriz hartuta, zure helburua berandu baino lehen lortuko zenuelakoan.
Apurka – apurka zuregana hurbiltzen hasi nintzen, ez nahita,
baina, bazeneukan interesgarria iruditzen zitzaidan zerbait, erakartzen ninduen
zerbait, baina ez nekien zehatz-mehatz zer zen. Ezer gutxi artean, egia esan,
hasieran denek “gaizki” hitz egiten baitzidaten zutaz; oso zaila zinela lau
haizetara zabaltzen zuten. Hori horrela izanda, estreinakoz hurbiltzen saiatu
nintzenean, berehala damu zitzaidan eta zu alde batera utzi nahiago izan nuen.
Ez nuen sufritu nahi, beraz, erabaki nuen beste batzuekin joatea: ingelesak, frantziarrak…
pentsatzen bainuen lortezina zinela niretzat. Horrela, behintzat, sinestarazi nahi
izan zidaten eta itsu-itsuan sinetsi ere. Ez nintzen ausartzen ni neu bakarrik
nengoela zu ezagutzen. Fama horrekin…
Hala ere, zuk isilik jarraitzen zenuen nire zain, presa
barik, haserretzeke, baina zure pazientzia agortzen ari zen. Horregatik,
erabaki zenuen mezulari batzuk bidaltzea, zuregana hulbitzera bultzatzeko, zutaz
ondo hitz egiteko, zu ezagutzeko, tratatzeko eta, maitasuna agertu ezean,
uzteko. Nerabe bat bezala portatu zinen eta bikain aukeratu zenituen
mezulariak: zu partekatzeko lain asko maite zintuzten pertsonak.
Eta horrela, zutaz hizketan hasi nintzen, galdetzen,
interesatzen… baina, arretaz, dena eman nahi barik, artean zuri buruzkoak gogoan
baineuzkan. Noizbait zurekin hitz egiten ausartu nintzen, baina lotsaz, artean
errespetu handia nizun-eta. Izan ere, egiten nuenetan gorritzen nintzen, eta
gehienetan hobe nuen isildu. Hala eta guztiz ere, zuk setati jarraitzen zenuen,
beldurra ematen baitzizun ni galtzeak, interesatuta hasita nengoela. Eta,
badaezpada ere, mezulariak bidaltzen segitzen zenuen jo eta su; helburu bakarra
izanik: ni zeureganatzea.
Eta azkenean, lortu ere lortu zenuen. Gehiago
eutsi ezinik maitemindu ninduzun. Beldurrak haizeak eraman zituen, zegoeneko prest
nengoen, eta ondo ezagutzeko, tratatzeko eta zurekin gehiago mintzatzeko
irrikaz. Banekien asko irakatsi eta erakutsi behar zenidala eta,
konturatzerako, guztiz murgilduta nengoen istorio honetan. Hasi ginen elkar ezagutzen,
komunikatzen, berba egiten, gero eta lotsa gutxiagoz eta zutaz harro. Hilabete
gutxiren buruan erabat maiteminduta nengoen. Zutaz ez ezik, zure ohiturez, ahoskeraz,
dantzez, jaiez, kulturaz ere maitemindu nintzen.
Orain urte bat baino apur bat gehiago elkarrekin
daramagularik, harreman guztietan bezala, gaizki-ulertu batzuek eta komunikazio
ezak eraman naute amore eman nahi izatera, behin baino gehiagotan. Arrazoi
zeukaten zutaz “txarto” hitz egiten zidatenek: zail samar zara. Baina, ni
jabetu naiz zaila bezain desberdina, eta hori da, hain zuzen, aparteko, erakargarri
eta zoragarri bihurtzen zaituena.
Hilabeteotan, komunikazioa pixkanaka-pixkanaka erraza eta
arina izatea lortu dugu eta gero eta gai sakonago eta dibertigarriagoez aritzen
gara. Hobeto ulertzen diogu elkarri, nahiz eta zure familietako batzuk ulertzea
kostatu. Dena den, badakit haiek ere maite nautela, ontzat hartzen dutela gure
harremana eta elkarrekin jarraitzea nahi dutela. Segidan nabaritzen zaie.
Askotan, hutsak egiten ditut, bete batzuetan, badirudi atzera
joaten dela harremana, baina zuri ez zaizu batere inporta: egonarriz hartuta
jarraitzen duzu nire alboan, zuzentzen eta laguntzen.
Orain arte, errespetu
handiz tratatu izan dugu elkar, eta, agian, egun batean, hain lagun min bilakatuko
gara non hika egiten ere amaituko dugun. Auskalo!
Gaur zure eguna da eta lerro hauek eskaini nahi dizkizut,
zuri eta zure bizitza posible egiten dutenei. Konturatu gabe, ni ere banago
haien artean. Eskerrik asko, bihotzez, EUSKARAri eta EUSKALDUNoi.
Zer nolako hitz politak zure Euskararekiko amodio istorioa deskribatzeko!
ResponderEliminarOnartu behar dut jeloskor sentitu izan naizela zure adierazpen aberaztasuna irakurtzean, ni bezalako norbait, bizitza oso batez Euskal Herrian bizi izan dena eta Euskara gertu eduki izan duenak, horrelako sentimendu eta jariotasunez ezin mintzatzea...
Mila esker Reyes, hizkuntz hain berezi hau niretzat bereziagoa bihurtzearren!Zuk egindako ahalegina gure adibidea delako!
Aser